Herensugeak eta Aragoi aurrez aurre izango dira Mojategin
Partidua zapatu goizean izango da, 11:00etatik aurrera. Bazkaldu ostean Donostiara joango dira bi taldeak, Biarritz Olimpiquek Anoetan jokatuko duen partidua ikustera.
fondo
Beteranoak (25/03/2010).- Herensugeek lagun arteko partidua jokatuko dute Aragoiren aurka zapatu honetan Mojategin (11:00), eta bazkaldu ostean bi taldeak Donostiara joango dira Biarritz Olinpiquek Anoetan jokatuko duen partidua bertatik bertara jarraitzea. Norgehiagoka ikusi ostean inguruko sagardotegi batean afalduko dute, egunari behar bezalako amaiera emateko.

Gauzak horrela, primerako plana dute asteburu honetarako Arrasate Errugbi taldeko beteranoek. Aspalditik zeramaten partidurik jokatu gabe, joan zen urteko iraila ingurutik hain zuzen ere. Asier Agirreurreta jokalariak azaldutakoaren arabera hainbat eskaintza izan dituzte azken hilabeteotan, “baina jendeak konpromiso ezberdinak dituenez oso zaila da talde bat osatzea”.

Zapatu honetako hitzorduan 16 beteranok hartuko dute parte, eta bizpahiru seniorren laguntza izango dute. Egoera honen aurrean Herensugeek Arrasate Errugbi taldean ibilitako jendea animatu nahi dute horrelako partiduetan parte hartu dezan, horregatik datozen asteetan horren aldeko kanpaina bat abiaraztea dute buruan.

Aragoiko taldea aski ezaguna da arrasatearrentzat, orain dela bi urte bertara joan baitziren euren aurka jokatzera. Datorren hilabeteetan beste partidu batzuk jokatzeko asmoa dutela azaldu digu Agirreurretak: “Maiatzean Plentzia eta Durango etorriko dira Mojategira hiruko torneoa jokatzera, eta apirila inguruan irteeraren bat egiteko asmoa dugu, baina oraindik ez dago ezer lotuta”. Dena den hurrengo hitzordua ate joka dago jada, zapatu honetan 11:00etatik aurrera Mojategin.

I.B.G.
Beteranoak
 
Kanpazar