Bi partidu baino ez dituzte jokatuko asteburu honetan Arrasateko errugbi taldeek, emakumeek eta jubenilek. Seniorrek lehen fasea orain dela bi aste amaitu zuten, eta bigarrenari ekiteko zain daude oraindik. Txapelketako bigarren zati honek erabakiko du behin betiko sailkapena, eta bertan arrasatearrekin batera beste 4 talde arituko dira: Durango, Universidad de Cantabria, Plentziako Uribeladea eta Donostiako Atletiko San Sebastian.Emakumeak lehen faseko azken txanpan daude, eta asteburu honetan Gipuzkoako hiriburura joango dira. Atletiko San Sebastianen kontrako partidua zapatuan izango da, eguerdiko 13:30etatik aurrera.
http://admin.arrasaterugby.eu/web/arrasaterugby/imagenes/fotos/96702010668885.828302.jpg
Ion Iriaren neskak sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta jokatutako 12 partiduetatik 4 baino ez dituzte galdu. Aurreko asteko norgehiagoka bertan behera geratu zen haizetearen ondorioz. Jokatutako azkeneko partiduan Gaztedi bigarren sailkatuak astindu ederra eman zien bere zelaian (44-5), beraz zapatu honetan hori ahaztu eta garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute.
Helburu hori betetzeko arerio aproposa dirudi Atletiko San Sebastian, denboraldia hasi zenetik hiru garaipen baino ez ditu eskuratu eta 22 punturekin sailkapeneko azkenaurrekoa baita. Dirudienez donostiarrek oso jokalari gutxi dituzte, eta hori agerian geratu zen iazko partiduan, ez baitziren aurkeztu.
Arrasateko eta Durangoko nesken helburua lehenengo bi sailkatuen artean amaitzea zen, Erreginaren kopa jokatzeko, baina Gaztedik eta Getxok erakutsi duten nagusitasunak ez die aukerarik eman. Bizkaitarrek eta arabarrek partidu bana galdu dute soilik, eta 55 eta 54 puntu dituzte hurrenez hurren. Lehen faseko azkeneko jardunaldian Gaztedik Eibarren bisita jasoko du, Getxo berriz Construcciones Rivagoren zelaira joango da.
Jubenilek etxean jokatuko dute
Jubenilek ere galtzak bete lan izango dituzte asteburu honetan, Kantabria aldeko Independiente eta Construcciones Rivagoz osatutako taldearen bisita jasoko baitute. Partidua larunbatean izango da, eguerdiko 14:00etan.
Gazte mailakoak, Durangoko taldearekin jokatzen dutenak, sailkapeneko azkenak dira. 12 partiduetan berdinketa bat soilik lortu dute, eta ez dutenez puntu bat ere poltsikoratu sailkapeneko azkenak dira. Zapatu honetan denboraldiko aurreneko puntuak lortzea bilatuko dute kantabriarren aurka.