Agenda beteta zuten Arrasate Errugbi taldeko beteranoek asteburu honetarako, eta adierazi digutenaren arabera primeran pasa dute. Lehen hitzordua zapatu goizean izan zuten, Aragoiren aurka neurtu behar baitzituzten indarrak lagun arteko partiduan.Garaipena bisitarientzat izan zen, halere azpimarratu beharra dago horrelako norgehiagoketan gutxienekoa emaitza dela. Aragoik 2 eta 4 irabazi zuen, Herensugeen entsegu bat Maidarena izan zen, bestea berriz senior taldeko fitxaketa berriak egin zuen: Gorrion. Txantxetarako astia ere egon zen, Etxizerok entsegu birtuala egin baitzuen. Baloia eskuetan zuela aurrera egin zuen, baina zelaiaren marrekin nahastu, eta entsegu marra baino 5 metro lehenago bota zuen bere burua lurrera.
Partidu ostean sabela betetzeko parada izan zuten bi taldeetako jokalariek, San Isidro Elkarte Gastronomikoan merezitako bazkaria egin baitzuten. Bertan Patxi Gorosabelen patata tortillak izan ziren protagonista nagusiak, jankideen gozamenerako.
Bapo bazkaldu ostean Donostiarako bidea hartu zuten bi taldeek, Anoetan Biarritzek eta Toulousek jokatu behar zuten partidua ikusteko. Garaipena Biarritzek erdietsi zuen, alde handiagatik gainera, azken emaitza 28 eta 10 izan baitzen.
Egunari amaiera ona emateko, zelai ondoan Bera-Berak jarritako karpan zerbeza batzuk edan ostean, Sagardotegirako bidea hartu zuten Herensugeek aragoarrekin batera. Bertan Bordeleko Archibal taldeko lagun batzuekin elkartu, eta sagardo eta afari bikaina dastatu zuten. Arrasatera itzultzean, batek baino gehiagok ordu txikietara arte ibili zen parrandan.