BUSCAR

Kanpanzar Arrasatek ezer gutxi egin izan ahal du liderraren etxean

27/01/2018 - Igor Isasiren mutilek La Unicaren zelaian jokatu dute zapatu arratsaldean eta, zoritxarrez, nafarren nagusitasuna erabatekoa izan da. Azken emaitza 66-7 izan da etxekoen alde, eta sarrailagileen entsegu bakarra Arizaletak lortu du.

Senior. Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako 12. jardunaldia jokatu da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek kategoriako lider La Unicari egin diote bisita. Igor Isasiren mutilak ezustekoa emateko helburuarekin abiatu dira Iruñeara baina, zoritxarrez, esku hutsik bueltatu dira etxera. La Unicak argi eta garbi utzi du, liga txapelketaren erdia baino gehiago jokatu denean, zergatik den egungo lehen sailkatua, eta garaipen erosoa erdietsi du sarrailagileen aurrean. Horren adierazgarri azken emaitza, 66-7 nafarren alde.

Beste partidu batzuetan ez bezala, gaurkoan Isasiren mutilak ez dira gai izan aurkariari eusteko. Aurreko astean bezala, oraingoan ere Kanpanzar Arrasatek aurrean eduki duen aurkaria esperientzia handikoa izan da eta, zoritxarrez, 1. Maila bezalako kategoria batean hori erabakigarria izaten da askotan. Esan bezala, gaurkoan zuri-moreek ezin izan dute nafarren erasoei eutsi, eta atsedenaldira jada 26-0eko emaitzarekin joan dira, ordurako partidua erabat erabakita zegoela.

Bigarren zatian ere Isasiren mutilak ahalegindu dira norgehiagokaren norabidea aldatzen, baina kasu honetan ere La Unicaren nagusitasunak erabatekoa izaten jarraitu izan du. Minutuek aurrera egin ahala etxekoen entseguak bata bestearen ostean iritsi dira eta, gutxienez, bisitarien lanak nolabaiteko saria jaso du. Izan ere, azken txanpan Arizaletak bisitarientzako entsegua lortu du, baita transformazioa gauzatu ere. Gauzak horrela, amaieran La Unica nagusi 66-7ko emaitzarekin.

Gaurko porrotarekin Kanpanzar Arrasatek 19 punturekin jarraitzen du sailkapen erdialdean, dena den, atzealdeko taldeei begirada kendu barik. Izan ere, Gabonetara arte azken sailkatu izan den Baztan bolada onean murgilduta dabil, eta behetik gora dator sailkapenean. Egoera larria ez bada ere, sarrailagileak ezin dira lokartu, eta azken asteetako bolada txarretik irteteko aukera izango dute hurrengo jardunaldian, bosgarren sailkatu Gaztedik bisitatuko baitu Mojategi. Hitzordua otsailaren 18ko asteburuan izango da, hurrengo astean ez baita liga jardunaldirik izango Euskal Ligako 1. Mailan.


Beste emaitzak

Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko jubenilek ere La Unicaren kontra jokatu dute Iruñean eta, kasu honetan ere, etxekoak izan dira nagusi (57-0). Julen Barrutiaren mutilek lau partidu jokatu dituzte denboraldiko bigarren fase honetan, horietatik bi irabaziz. Orotara 10 puntu dituzte patrikan eta laugarren postuan dira, Uribealdearekin berdinduta. Mungiako taldeak, hain justu ere, bisitatuko du Mojategi hurrengo jardunaldian.

Bestetik, Gaztedirekin talde partekatzen duten kadeteek Elorrio/Durango hartu dute Lakuan, eta 12-10 nagusitu dira. Azkenik, kasu honetan Ordiziarekin batera, infantilak La Unicaren kontra gailendu dira Altamiran izandako topaketan.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones