BUSCAR

Liderraren etxean arituko da Kanpanzar Arrasate

25/01/2018 - Igor Isasiren mutilak Iruñeara joango dira zapatuan eta, 16:15eatik aurrera, La Unicari egingo diote aurre. Zaila bada ere, sarrailagileak sorpresa eman eta puntuak Arrasatera ekartzen ahaleginduko dira.

Arrasate R.T.. Bigarren astez jarraian Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak etxetik kanpo arituko dira, oraingo honetan Iruñean. Denboraldiko hamabigarren jardunaldiaren baitan, Igor Isasiren mutilek kategoriako lider La Unicari egingo diote bisita eta, zaila bada ere, sorpresa eman eta puntuak Arrasatera ekartzen ahaleginduko dira. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da Nafarroako hiriburuan, 16:15ean hasita.

Azkenaldian bolada txarrean murgilduta dago Kanpanzar Arrasate, azken hiru partiduak galdu baititu. Sarrailagileen azken garaipenarekin topo egiteko abendu hasierara egin behar dugu salto, orduantxe Gernika B garaitu baitzuten Mojategin. Orduz geroztik, Isasiren mutilek hiru porrot jaso dituzte, horietatik mingarriena orain direla pare bat aste Mojategin Baztanen kontra jasotakoa. Gainontzeko biak, Bilboko Unibertsitatea eta Atletiko San Sebastianen aurkakoak, aldez aurretik aurreikusitakoak ziren, sailkapen buruan egotera deituta dauden bi taldeak baitira honako hauek.

Eta zapatu honetakoa ere plaza gogorra izango da Kanpanzar Arrasaterentzat, esan bezala, kategoriako lider baita La Unica. Nafarrek irailetik hona jokatutako 11 partiduetatik 10 irabazi dituzte, orotara 47 poltsikoratuz. Porrot bakarra egungo bigarren sailkatu Ordiziaren kontra jaso dute eta, Kanpanzar Arrasateren aurka Mojategin jokatutako norgehiagokan, 10-29 nagusitu ziren iruindarrak. Hala eta guztiz ere, egun horretan ere Isasiren mutilak eurek baino esperientzia handiagoa duen taldearen kontra lehiatzeko gai izan ziren, baita estutzeko ere.

Gauzak horrela, zapatu honetan ere lehen itzuliko partidu horretan erakutsitako jarrera errepikatzen ahaleginduko dira, bide batez eta posible bada, sorpresa eman eta puntuak Arrasatera ekartzeko. Esan bezala, zaila bada ere, ez da ezinezkoa, ahalik eta gehiago kirol munduan. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da Iruñean, 16:15eatik aurrera.


Kartelera

Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienek zapatuan jokatuko dute. Goiztiarrenak infantilak izango dira, Ordiziarekin batera La Unicari egingo baitiote aurre 10:00etatik aurrera Altamiran. Jubenilek ere aurkari bera izango dute, baina kasu honetan Iruñean (13:00). Gaztedirekin batera taldea partekatzen duten kadeteek Elorrio/Durango hartuko dute Lakuan eguerdiko 13:30ean. Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute igande goizean (10:30) Mojategin.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones