BUSCAR

Azken sailkatu Baztanen bisitarekin ekingo dio 2018ari Kanpanzar Arrasatek

10/01/2018 - Pozik egoteko moduko lehen itzulia egin ostean, denboraldiko bigarren zatian murgilduko dira Isasiren mutilak asteburu honetan. Nafarren kontrako partidua igande goizean jokatuko da Mojategin, 12:30ean hasita.

Arrasate R.T.. Gabonetan merezitako atsedena hartu ostean, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek liga txapelketari berrekingo diote asteburu honetan. Pozik egoteko moduko lehen itzulia eginda, Igor Isasiren mutilek denboraldiko bigarren zatiari ekingo diote eta, liga estreinaldiko jardunaldian bezala, Baztan izango dute aurkari. Hitzordua igande goizean izango da Mojategin, 12:30ean hasita.

Ia hilabeteko atsedena hartu dute Euskal Ligako 1. Mailako taldeek, azken jardunaldia abenduaren 17ko asteburuan jokatu baitzen. Orduantxe Kanpanzar Arrasatek Bilboko Unibertsitatearen zelaian jokatu zuen eta, zoritxarrez, Isasiren mutilak esku-hutsik bueltatu behar izan ziren Arrasatera. Hala eta guztiz ere, liga txapelketa erdia atzean utzita, talde zuri-moreak orain arte erakutsitako maila pozik egoteko modukoa da. Sarrailagileek lau garaipen poltsikoratu dituzte irailetik hona jokatutako bederatzi jardunaldietan, orotara 19 puntu poltsikoratuz eta jaitsiera postuekiko lasai egoteko moduko errenta lortuz. Errioxa azkenaurreko sailkatuak promozioa jokatu beharko luke momentu honetan, sei puntu baino ez dituelarik. Azken sailkatu Baztanek, aldiz, hiru puntu ditu eta zuzenean jaitsiko litzateke 2. Mailara.

Testuinguru honetan, Isasiren mutilek aukera paregabea dute asteburu honetan mailari eusteko borrokan aurrerapauso berri bat emateko. Baztanek bonusen bitartez baino ez ditu lortu orain arte poltsikoratutako puntuak eta, estreinaldiko jardunaldian Nafarroa aldean jokatutako norgehiagokan, Isasiren mutilak gai izan ziren nafarrak menderatzeko. Zuri-moreak 13-27 nagusitu ziren lehia horretan eta, ziur asko, ordutik hona kategoria berrian hartutako esperientzia lagungarri izango dela domeka honetako norgehiagokarako.

Hala eta guztiz ere, Kanpanzar Arrasate inoiz baino kontzentratuago zelairatu beharko da domekan, sorpresa desatseginik hartu nahi ez badu, behintzat. Izan ere, Euskal Ligako 1. Maila kategoria oso lehiakorra da, eta erlaxatuz gero edozein talde izan daiteke gai gainetik pasatzeko. Zorionez, orain arte Isasiren mutilek erregulartasun handia erakutsi dute jokatutako neurketa guztietan, eta sailkapen buruko ekipoak baino ez dira gai izan zuri-moreak jipoitzeko. Oraingoan, gainera, sarrailagileek zaleen babesa izango dute lagun.


Asteburuko kartelera

Seniorrena ez da asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeak izango duen hitzordu bakarra. Lehen taldea bezala, Errugbi Eskolako neska-mutikoak igandean arituko dira Mojategin, kasu honetan goizeko 10:00etatik aurrera burutuko duten entrenamenduarekin. Jubenilek Gaztediri egingo diote bisita zapatuan, 13:30ean. Gaztedirekin batera aritzen diren kadeteek Txingudi hartuko dute Lakuan 12:15ean eta, infantilek –kasu honetan ordiziarrekin batera-, Errioxari egingo diote bisita 11:30eatik aurrera.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones