BUSCAR

Zorionak eta urte berri on!!!

23/12/2017 - Arrasate Errugbi Taldeak jai zoriontsuak opa dizue.

Arrasate R.T.. 2017aren amaiera ate-joka dugun honetan, azken 365 egunetan bizi izandakoaz balorazioa egiteko unea iritsi da eta, Arrasate Errugbi Taldearen kasuan, ia biribila izan dela esan beharra daukagu. Euskal Ligako 2. mailako txapeldunak izateko ilusioarekin ekin genion urteari eta, hilabete gutxiren bueltan, ametsa egi bilakatu zen. Ezin ahaztu maiatza hasieran Mungian bizi izandakoa; bertan, autobusean joandako zale zuri-moreen hauspoarekin, agerian geratu zen urte osoan zehar egindako lanaren fruitua.

Txapela jantzi eta, azken urteetan bigarren aldiz, 1. mailan lehiatzeko eskubidea bereganatuta, erabaki garrantzitsua hartu beharra zegoen: kategoria gogor eta lehiakorrago batean jokatu edota, aurrekoan egin bezala, igoerari uko egin. Oraingoan hartutako erabakia zorabiagarriagoa izan zen baina, zorionez, hilabeteen joan-etorriaz, zuzena edo okerra baino, harro egoteko modukoa izan dela ondorioztatu dezakegu.

Irailean hasitako abentura berri honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek klubaren izaera agerian utzi dute berdegunera salto egin duten bakoitzean: talde-lana, sakrifizioa, lagunartekotasuna, apaltasuna... Eguneroko bizimodura aplikagarriak diren balioak... Arrasate Errugbi Taldeak bere kide guztien artean, gazteenetatik hasita, sustatzen dituen balioak.

Kluba ez baitu soilik lehen taldeak osatzen; familia handia gara eta harro gaude, aipatutako balioak ardatz hartuta, maila guztietan egindako lanaz. Errugbia, azken finean, bizitza bezalakoa da eta gero eta gazte gehiagok erakargarria ikusten dute kirol hau. Eta belaunaldi berri hauek, hain justu ere, Arrasate Errugbi Taldearen etorkizuna dira. Belaunaldi gero eta emankorragoak, zalantza izpirik gabe.

Horregatik, inoiz baino ozenago, esan beharra daukagu: Harrotasunez ART!!! 2017. urtean ezin hobeto amaitu dezazuela eta, ate-joka daukagun 2018a, ilusioz eta une ahaztezinez betetakoa izan dadila.

ARRASATE RUGBY TALDEA

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones