BUSCAR

Kanpanzar Arrasatek ezin izan du lehen itzulia borobildu

17/12/2017 - Igor Isasiren mutilek Bilboko Unibertsitatearen zelaia jokatu zuten zapatu arratsaldean eta, zoritxarrez, esku-hutsik bueltatu behar izan ziren etxera. Aurreikuspenak bete egin ziren El Fangon, eta etxekoek lortu zuten garaipena 43-7ko emaitzarekin.

Senior. Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan dute 2017-2018 denboraldiko lehen itzulia eta, bide batez, urtea, garaipen batekin agurtu. Euskal Ligako 1. mailako bederatzigarren jardunaldiaren baitan, Igor Isasiren mutilek Bilboko Unibertsitateari egin zioten bisita zapatu arratsaldean eta, zoritxarrez, esku-hutsik bueltatu behar izan ziren Arrasatera. Hirugarren sailkatuak izanik, bilbotarrak ziren faborito lehiarako eta, azkenean, aurreikuspenak bete egin ziren El Fangoko errugbi zelaian eta etxekoendako izan zen garaipena 43-7ko emaitzarekin.

Gauzak horrela, lehen itzulia amaituta, Kanpanzar Arrasate seigarren postuan heldu da txapelketaren ekuatorera. Ligako lehen zati honetan jokatutako bederatzi partiduetatik lau irabazi dituzte zuri-moreek, orotara 19 puntu poltsikoratuz. Isasiren mutilak martxa onean doaz aurtengo helburua betetze aldera, mailari eutsi, lasai egoteko moduko abantaila baitute jaitsiera postuekiko. Une honetan Baztan azken sailkatuak galduko luke kategoria, soilik hiru puntu lortu dituen taldea. Nafarren aurretik, promoziora jokatzera behartzen duen azken-aurreko postuan, Errioxa dago sei punturekin.

Testuinguru honetan, Arrasateko taldeak bere eskuetan du mailari eustea, gainontzeko taldeen emaitzen menpe egon barik. Eta, lehen itzulian erakutsitako jarrera eta jokoari eutsiz gero, Isasiren mutilek ez lukete arazo handirik izan beharko beste urtebetez Euskal Ligako 1. mailan jarraitzeko. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da denboraldiko bigarren zatian ez erlaxatzea eta, nola ez, lesioek Isasiri buruhauste gehiegirik ez ematea.

Denboraldiko lehenengo zati honetan pozik egoteko moduko lana egin ostean, orain Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek merezitako atsedena hartuko dute. Izan ere, Gabon ostera arte Euskal Ligako 1. mailak etenaldia izango du. Urtarrilaren 14ko asteburuan jokatuko da 10. jardunaldia eta, honen baitan, Isasiren mutilek Baztan hartuko dute Mojategin, urrearen balioa izango dute puntuak jokoan egongo direlarik.


Jubenilen garaipena

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko jubenilek bigarren faseko lehenengo partidua jokatu dute -iragan asteburuan Errioxan jokatu beharrekoa atzeratu egin zen-, eta bide ezin hobetik ekin diote denboraldiko zati berri honi. Izan ere, lehenengo fasean jokatutako norgehiagoka guztiak galdu ostean, oraingoan bai, Julen Barrutiaren mutilek ikasturteko lehenengo garaipena erdietsi dute Eibarren kontra Mojategin (22-19). Seniorrek bezala, 18 urtez azpikoek ere atsedena hartuko dute urtarrila erdialdera arte.

Senior Uni Bilbao-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones