BUSCAR

Urrezko garaipen berri bat erdietsi du Kanpanzar Arrasatek

03/12/2017 - Igor Isasiren mutilak 32-10 nagusitu dira Gernika B-ren kontra, mailari eusteko borrokan aurrerapauso berri bat emanez. Sarrailagileek jada 19 puntu dituzte patrikan, eta hurrengo jardunaldian sailkapen buruan kokatuta dagoen Uni Bilbori egingo diote bisita.

Senior. Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek aurrerapauso berri bat eman dute mailari eusteko borrokan, denboraldiko laugarren garaipena erdietsi baitute euren aurkari zuzen Gernika B-ren kontra igande goizean Mojategin jokatutako norgehiagokan. Igor Isasiren mutilak atzetik hasi dira markagailuan baina, berehala, entsegua egin eta norgehiagoka bideratuta utzi dute atsedenaldira joan aurretik. Azken emaitza 32-10 izan da etxekoen alde, urrezko beste bost puntu poltsikoratuz.

Hotza izan da nagusi Arrasate eta Euskal Herriko bazter gehienetan gau partean, baita goizean ere, eta Mojategi ez da salbuespena izan. Hala eta guztiz ere, bai Kanpanzar Arrasate eta baita Gernika ere bero sartu dira partidura, eta oraindik ikusleak euren eserlekuaren bila ari zirela mugitu da markagailua. Izan ere, bigarren minutua bete baino lehen epaileak bisitarien aldeko zigor kolpea adierazi du eta hauek ez dute hutsik egin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan (0-3). Zorionez, Isasiren mutilen erreakzioa berehala iritsi da, Arregiren entseguaren bitartez (5-3). Hamargarren minutua bete baino lehen etxekoek errenta handitu dute, oraingo honetan protagonista Salaberri izan delarik. Aurreko entseguan ez bezala, oraingo honetan Arizaletak ez du hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan, eta 12-3koa igo da markagailura.

Oro har, lehen zatian zehar indarrak parekatuta egon dira, eta borroka izan da nagusi berdegunean. Alboko sake batean, baina, Isasiren mutilak bizi aritu dira, eta entrenamenduetan landutako jokaldia bikain gauzatuz baloia Lezamizi heldu zaio eta honek entsegu marraraino eraman du, markagailuan 17-3koa ezarriz eta partidua zuri-moreentzat erabat bideratuta utziz. Lehenengo zatian ez da gehiagorako astirik egon, eta emaitza horrekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko 40 minutuak bete ostean.

Lehen zatian gertatu ez bezala, bigarrenean lehen kolpea Kanpanzar Arrasatek eman du, Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez (20-3). Handik gutxira, baina, bizkaitarrek entsegua egin eta zuri-moreen errenta txikitu egin dute (20-10). Gaurkoan Isasik ordezko sei jokalari izan ditu bere aginduetara eta, zalantza izpirik gabe, horrek mesede handia egin dio taldeari, batez ere bigarren zatian. Izan ere, 20-10ekoarekin ere, Kanpanzar Arrasatek norgehiagoka hasierako intentsitateari eutsi dio eta, bide horretatik, zuri-moreen entseguak bata bestearen atzetik heldu dira. Dolarak, lehenengo, eta Manexek, gero, etxekoentzako 30-10ekoa jarri dute markagailuan. Bi transformazioetatik bat gauzatu du Arizaletak, amaierako 32-0ekoa ezarriz.

Honenbestez, urrezko beste bost puntu Arrasate Errugbi Taldeko seniorrentzat, mailari eusteko borrokan aurrerapauso berri bat emanez. Sarrailagileek jada 19 puntu dituzte patrikan eta, ligako lehen itzulia amaitzeko pare bat partiduren faltan, gai izan dira aurkari zuzenak izan daitezkeen taldeak garaitzeko. Hurrengo asteburuan arrasatearrak Bizkaia aldera joango dira, sailkapen buruan kokatuta dagoen Uni Bilboren kontra indarrak neurtzera.

KANPANZAR ART 32-10 GERNIKA

ISEI BARBERO

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones