BUSCAR

Aurrerapauso berri bat emateko aukera du Kanpanzar Arrasatek

29/11/2017 - Iragan zapatuan Errioxaren aurka lortutako urrezko bost punturen ostean, Isasiren mutilek beste aurkari zuzen baten kontra neurtuko dituzte indarrak asteburu honetan. Gernika B-k Mojategi bisitatuko du igandean, 12:00etatik aurrera.

Arrasate R.T.. Errioxaren kontra lortutako garaipenaren ostean, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek beste aurkari zuzen bat izango dute bisitari: Gernika B. Denboraldiko zortzigarren jardunaldiaren baitan, norgehiagoka domeka goizean jokatuko da Mojategin, 12:00etatik aurrera. Sarrailagileek baino puntu bakar bat gutxiago duen taldea da Gernika B, gauzak horrela, bizkaitarren kontra garaipena erdietsiz gero, zuri-moreek aurrerapauso nabarmena emango lukete aurtengo denboraldiko helburua betetze aldera: mailari eutsi.

Zazpi jardunaldi jokatu ostean zazpigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate. Sarrailagileek hiru partidu irabazi dituzte orain arte, azkenekoa pasa den asteburuan Errioxaren kontra, orotara 14 puntu poltsikoratuz. Zuri-moreen aurretik Atletiko San Sebastian eta Gaztedi daude hamazazpina puntura berdinduta eta, bi puntu gehiagorekin, Getxo dago. Testuinguru honetan, Gernika B-ren kontra irabazi eta gainontzeko emaitzak aldekoak izango balira, Isasiren mutilek gora egingo lukete sailkapenean.

Hala eta guztiz ere, gainontzeko zelaietako emaitzei begiratu baino, garrantzitsuena Urbietako taldea garaitzea izango da, une honetan mailari eusteko borrokan aurkari zuzena baita Gernika. Bizkaitarrak azken hirugarrenak dira 13 punturekin, Kanpanzar Arrasatek baino bat gutxiago; honenbestez, eta bigarren astez jarraian, bi aurkari zuzen aurrez aurre izango dira Mojategin.

Azken bi sailkatuen kontra – Errioxa eta Menditarrak- garaipena eskuratzeaz gain, Atletiko San Sebastiani irabazteko ere gai izan da Gernika. Honenbestez, tentu handiz ekin beharko diote lehiari Isasisen mutilek, baldin eta sorpresa desatseginik hartu nahi ez badute. Orain arte zuri-moreen jarrera paregabea izan da partidu gehienetan eta, basurdeen kontrako neurketa Mojategin jokatuko dela aintzat hartuta, oraingo honetan ere ez zaio zaleen hauspoa faltako Kanpanzar Arrasateri. Laguntza guztia ongi etorria izango da, oraingoan ere garaipena baino zertxobait gehiagoa egongo baita jokoan.


Asteburuko hitzorduak

Seniorrekin batera, asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko gaztetxoenek egingo dute salto berdegunera. Gauzak horrela, infantilak Ordiziara joango dira zapatuan eta, 10:30eatik aurrera, Altamiran izango den topaketan hartuko dute parte. Bestetik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin igandean, kasu honetan ere 10:30ean hasita. Jubenilek Errioxan jokatu behar zuten partidua, berriz, atzeratuta izan da.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones