BUSCAR

Kanpanzar Arrasatek aurrerapauso garrantzitsua eman du mailari eusteko borrokan

25/11/2017 - Igor Isasiren mutilek aurkari zuzena hartu dute zapatu arratsaldean Mojategin, azkenaurreko sailkatu Errioxa. Norgehiagoka ez da ondo hasi etxekoentzat, baina atsedenaldirako jada 14-8ko abantaila zuten. Azkenean, 28-8ko emaitzarekin nagusitu dira, urrezko beste bost puntu eskuratuz.

Senior. Garaipen garrantzitsua eskuratu dute zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek. Igor Isasiren mutilek mailari eusteko borrokan aurkari zuzena izan daitekeena hartu dute Mojategin, egungo azkenaurreko sailkatu Errioxa, eta izerdi dezente botata izan bada ere, sarrailagileek urrezko bost puntu poltsikoratu dituzte. Amaierako emaitza 28-8 izan da zuri-moreen alde.

Hala eta guztiz ere, partidua ez da ondo hasi Isasiren mutilentzat, ordu laurdena bete baino lehen bisitariak 0-8 baitziren aurretik markagailuan lortutako entsegua eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpe bati esker. Kolpea handia izan bada ere Kanpanzar Arrasatekoek ez dute besoak jaitsi, eta handik gutxira egindako entsegu bati esker –ondorengo transformazioan ez dute hutsik egin- berriro ere partiduan sartu dira (7-8).

Lehenengo zatia amaitzear zela heldu da arratsaldeko unerik bitxiena, epaileak zaintiratua izan baitu hankan eta berdegunetik erretiratu behar izan da. Zorionez, ikusleen artean beste epaile bat bazegoen, eta berak hartu du norgehiagoka epaitzearen ardura. Etenaldi horrek badirudi mesede egin diela Isasiren mutilei, partiduari berrekin eta gutxira arratsaldeko bigarren entsegua lortu baitute. Gauzak horrela, minutu batzuetako atzerapenarekin izan bada ere, bi taldeek aldageletarako bidea hartu dute 14-8ko emaitzarekin.

Lehenengoa ez bezala, bigarren zatia ezin hobeto hasi da sarrailagileentzat, Salaberriren entsegua eta ondoren Arizaletak gauzatutako transformazioari esker etxeko taldeak abantaila handitu baitu (21-8). Batekin konformatu ez, eta handik ordu laurden eskasera etxekoek partiduko hirugarren entsegua egin dute, 28-8koa markagailuan ezarriz. Emaitza horrekin amaitu da norgehiagoka.

Laburbilduz, garaipen garrantzitsua zapatu honetan Kanpanzar Arrasatek Mojategin lortutakoa, aurtengo denboraldiko etorkizunari begira urrearen baliokoa izan daitekeena. Hurrengo asteburuan beste aurkari zuzen batekin egingo dute topo Isasiren mutilek, sailkapen zuloan sartuta dagoen Gernika B etorriko baita bisitan Mojategira. Hor beste aurrerapauso garrantzitsua emateko paradavizango dute Kanpanzar Arrasatekoek.


Jubenilen porrota

Seniorrek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko jubenilek etxetik kanpo jokatu dute zapatu honetan, Donostia aldean, hain justu ere. Denboraldiko lehen faseko azken jardunaldiaren baitan Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Bera Berari egin dio bisita eta, zoritxarrez, beste behin esku-hutsik bueltatu behar izan dira Arrasatera. Donostiarrak 48-5 nagusitu dira eta, modu honetan, zuri-moreek azken postuan amaitu dute denboraldiko lehenengo fase hau.

Ordiziarekin batera taldea partekatzen duten 16 urtez azpikoek ere hitzordua eduki dute, kasu honetan Nafarroa aldean, Iruñearen zelaian. Bisitariek astindu galanta eman diete iruindarrei, 0-70ko emaitzarekin nagusitu baitira. Hirugarren postuan amaitu dute fasea goierritarrek eta arrasatearrek.

Senior ART-La Rioja

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones