BUSCAR

Aurkari zuzena hartuko du Mojategin Kanpanzar Arrasatek

22/11/2017 - Igor Isasiren mutilek Errioxaren kontra neurtuko dituzte indarrak zapatu arratsaldean, 16:30eatik aurrera. Mailari eusteko borrokari begira, hil hala bizikoa izan daiteke honako norgehiagoka, errioxarrak sailkapen zuloan sartuta baitaude.

Arrasate R.T.. Iragan zapatuan Altamiratik esku hutsik bueltatu ostean, 48-0 galdu zuten sailkapen buruan egotera deituta dagoen Ordiziaren kontra, asteburu honetan oso bestelako norgehiagoka jokatuko dute Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek. Igor Isasik zuzentzen duen taldea zaleen aurrean arituko da oraingo honetan, mailari eusteko borrokan aurkari zuzena izan daitekeen Errioxaren kontra. Neurketa zapatu arratsaldean jokatuko da Mojategin, 16:30ean hasita, eta bertan sarrailagileek aurrerapauso berri bat ematea bilatuko dute.

Aurtengo denboraldiko helburua betetze aldera, mailari eutsi, badirudi Kanpanzar Arrasatek zapatu honetan aurrean edukiko duen taldea aurkari zuzena izan daitekeela. Izan ere, orain arte jokatutako sei partiduetatik bakarra irabazita, Errioxa azkenaurreko sailkatua da sei punturekin. Logroñoko taldearen atzetik beste ekipo bat baino ez dago, bi puntu soilik batu dituen Menditarrak. Baztandarren kontra lortu du, hain justu ere, denboraldi honetako garaipen bakarra Errioxak; Nafarroa aldean izan zen laugarren jardunaldian, 32-35eko emaitzarekin.

Testuinguru honetan, sailkapena aintzat hartuta eta orain arte jokatutako partidu gehienetan ez bezala, oraingo honetan faborito izango dira Isasiren mutilak. Bi garaipen batu izan ez badituzte ere, orain arte sarrailagileek erakutsitako jarrera txapela kentzeko modukoa izan da. Kanpanzar Arrasatek norgehiagoka guztietan amaierara arte borrokatu izan du eta, neurketa askotan, azken minutuetan baino ez dio garaipenak ihes egin. Gauzak horrela, zapatu honetako partiduari begira, zale zuri-moreek baikorrak izateko arrazoiak izan badauzkate.

Sentsazio on hauek berresteko aukera paregabea dute Isasiren mutilek. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da orain arte izandako apaltasunari eustea eta, era berean, norgehiagoka guztietan erakutsitako kemen eta intentsitatearekin zelairatzea. Partidua etxean izanda, ziur asko Kanpanzar Arrasateri ez zaiola zaleen hauspoa faltako. Zalantza izpirik gabe, bultzada hori lagungarri izango da zuri-moreentzat, errioxarren kontra lau puntu baino zertxobait gehiago izango baita jokoan aurtengo denboraldiko etorkizunari begira.


Kartelera

Seniorrek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko jubenil eta kadeteak etxetik kanpo arituko dira asteburu honetan. Lehenengoek Bera Berari egingo diote bisita zapatu goizean, 9:30eatik aurrera. Egun berean, baina 10:00etan hasita, Ordiziarekin batera aritzen diren 16 urtez azpikoek Iruñearen zelaian jokatuko dute.

Gaztetxoenei dagokionez, Errugbi Eskolako neska-mutikoek aurtengo denboraldiko laugarren topaketa burutuko dute. Sarrailagileekin batera Atletiko San Sebastian, Iruñea, Eibar, Mutriku eta Hernani izango dira nor baino nor Mojategin domeka goizean (10:30). Azkenik, leku berean baina zapatuan (10:15), Leintz Eskola Kiroleko LH5 eta LH6ko ikasleek lansaioa burutuko dute.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones