BUSCAR

Goi mailako errugbia izan da da nagusi Mojategin

12/11/2017 - Emakumezkoen Euskal Selekzioa eta Valentziakoa aurrez aurre izan dira bertan, 1. Mailako Autonomien arteko Txapelketaren baitan jokatutako neurketan. Garaipena etxekoentzat izan da, 23-17ko emaitzarekin.

Arrasate R.T.. Goi mailako errugbia izan da nagusi domeka goizean Mojategin, emakumezkoen Euskal Selekzioa eta Valentziakoa aurrez aurre izan baitira bertan. Garaipena etxekoentzat izan da, 23-17ko emaitzarekin, hain justu ere. Iragan denboraldian kategoriaz igotzea lortu ostean, gaurkoa euskaldunen debuta izan da 1. Mailako Autonomien arteko Txapelketan eta, Federazioko ordezkariez gain, Arrasate Errugbi Taldeko kideak eta Arrasateko Udaleko zenbait udal-kargu ere izan dira Mojategiko harmailetan neurketa bertatik bertara jarraitzen.

Gaurkoa Euskal Selekzioarentzat txapelketako lehen norgehiagoka izan bada ere, urriaren azkenaurreko asteburuan beste pare bat partidu jokatu ziren txapelketa honen baitan: Orduantxe Kataluniak 26-24 hartu zuen mendean Gaztela Leon, eta euskaldunen gaurko aurkari Valentziak porrota jaso zuen Madrilgo selekzioaren kontra jokatutako neurketan. Hilaren 25ean izango du hurrengo hitzordua Euskal Selekzioak, kasu honetan Madrilgo selekzioaren kontra. Azken partidua, oraindik erabakitzeke dagoen aurkariaren kontra, abendurako aurreikusita daukate euskaldunek.

Taldearentzat debuta izateaz gain, gaurkoa ere lehenengo partidua izan da Euskal Selekzioko lantalde berriarentzat. Teknikari berrietako bat Jean Baptiste Lartigot da eta, azaldu duenez, “batera entrenatzen hilabete bat baino daramagun arren, uste dut ekipo lehiakorra osatu dezakegula”. “Errugbi erraza” egiten ahaleginduko direla aurreratu du, “orain arte elkarrekin sei lansaio baino ez ditugu burutu eta, horregatik, aurrerantzean astelehenero entrenatuko dugu eta, posible bada, baita ostegunetan ere”.

Lartigotek azaldu duenez, ekipo heterogeneoarekin egin du topo lantalde berriak: “Maila ezberdinetako jokalariak ditugu ekipoan; gehienak indibidualki onak dira, batzuk abiadura handikoak, indartsuagoak beste batzuk…” Testuinguru honetan, “postu gehienetan interesgarriak diren jokalariak dauzkagu”, azpimarratu du teknikari berriak. “Orain ezinbestekoa da elkarrekin jokatzeko modua topatzea, Ohorezko Maila edota Euskal Liga moduko kategoria ezberdinetako jokalariak edukita, hori baita eskuartean daukagun oztoporik handiena”, gaineratu du.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ane Agirre

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones