BUSCAR

Oraingoan garaipenak ez dio ihes egin Kanpanzar Arrasateri

05/11/2017 - Igor Isasiren mutilak aurretik joan dira markagailuan atsedenaldira, 10-7, Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpea eta Xabi Narbaizaren entseguari esker. Gaurkoan ez zaie partidua luze egin arrasatearrei eta, bigarren zatian Dolarak egindako entseguarekin garaipena Mojategin geratu da (18-7).

Senior. Euskal Ligako 1. Mailako bosgarren jardunaldiaren baitan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak eta Getxo B izan dira aurrez aurre Mojategin igande goizean eta, oso lehiatua izan den norgehiagokan, garaipena azkenean etxekoendako izan da. Igor Isasik zuzentzen duen taldea aurretik joan da markagailuan atsedenaldira (10-7) eta, aldageletatik bueltan eta aurreko neurketetan gertatu ez bezala, oraingoan sarrailagileek abantaila handitu (18-7) eta garaipena bermatu dute.

Aurreko norgehiagoken joerari eutsiz, kementsu eta kontzentratuta zelairatu da Kanpanzar Arrasate gaurkoan ere, eta Isasiren mutilen lanak merezitako fruitua ekarri du. Izan ere, partidua hasi eta minutu gutxira epaileak etxekoen aldeko zigor kolpea adierazi du, eta Arizaletak ez du hutsik egin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan. Handik gutxira berriro ere ahalegindu da jaurtitzaile arrasatearra baina, zoritxarrez, baloia kanpora joan da.

Abantaila horrek du zuri-moreen animoak baretu, aitzitik, etengabe erasora jo dute, eta getxoztarren entsegu zonalde inguruan sortutako bultzakada batean Xabi Narbaizak etxekoentzako lehenengo entsegua lortu du. Zuri-moreek ez dute hutsik egin transformazioan eta, honenbestez, 10-0 aurreratu dira. Bazirudien emaitza horrekin joango zirela atsedenaldira Kanpanzar Arrasatekoak, baina bisitariak berriro ere partiduan sartu dira aldageletarako bidea hartu aurretik egindako entseguarekin (10-7).

Bigarren zatian sarrailagileek jo eta su jarraitu dute eta, oraingoan bai, egindako lanak merezitako saria ekarri du. Dolararen entseguari esker arrasatearrek errenta handitu dute (15-7) eta, ondoren Arizaletak berriro ere zutoinen artera bidalitako zigor kolpeak (18-7), nolabaiteko lasaitasuna ekarri du Mojategira. Hala eta guztiz ere, Isasiren mutilek lanean jarraitu dute norgehiagoka amaierara arte eta, aurreko partiduetan gertatu ez bezala, oraingoan garaipenak kolore zuri-morea izan du.

Denboraldiko bigarren garaipen honekin Kanpanzar Arrasatek jada bederatzi puntu ditu patrikan, eta zazpigarren sailkatua da bosgarren sailkatu Bilboko Unibertsitatetik lau puntura baino ez. Hurrengo asteburuan ez liga jardunaldirik izango baina, bi aste barru, Isasiren mutilek Ordiziari egingo diote bisita. Goierritarrak bigarrenak dira sailkapenean eta, Getxoren kontra egin bezala, sarrailagileek ezustekoa ematea bilatuko dute.

KANPANZAR ART - GETXO B

ISEI BARBERO

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones