BUSCAR

Aurkari gogorra izango du bisitari Kanpanzar Arrasatek

02/11/2017 - Igor Isasiren mutilek hirugarren sailkatu Getxo B hartuko dute Mojategin igandean, goizeko 12:30eatik aurrera. Azken jardunaldietan erakutsitako itxura ona garaipenetan bilakatu nahi dute sarrailagileek.

Arrasate R.T.. Euskal Ligako 1. Mailako bosgarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Getxo B izango dute bisitari Mojategin. Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko norgehiagoka igande goizean jokatuko da, 12:30ean hasita, eta bertan Isasiren mutilek azken jardunaldietan erakutsitako itxura ona denboraldiko bigarren garaipenean bilakatzea bilatuko dute.

Orain arte jokatutako lau jardunaldietan garaipen bakarra erdietsi dute Isasiren mutilek, BRT-Menditarraken zelaian jokatutako estreinaldiko partiduan; hala eta guztiz ere, Kanpanzar Arrasatek itxura ona eskaini du neurketa guztietan, eta aurkariek izerdi dezente bota behar izan dute talde zuri-morea garaitzeko. Kategorian hasiberria izateaz gain, kontuan eduki beharra dago baita ere sarrailagileek jokalari kopuruari dagokionez izan dituzten arazoak. Iragan jardunaldian, esaterako, lesioak eta zigorrak tarteko, Isasik 14 jokalari baino ez zituen izan bere aginduetara Gasteizen. Horri Kanpanzar Arrasatek sailkapen buruko aurkariak –La Unica liderra eta Atletiko San Sebastian eta Gaztedi laugarren eta bosgarren sailkatuak, hurrenez hurren- aurrean izan dituela gehitzen badiogu, ezin ukatu baikorrak izateko arrazoiak egon badaudela.

Eta asteburu honetakoa aurkari gogorra izango da baita ere, hirugarren postuan kokatuta baitago Getxo B. Fadurakoek partidu bakarra galdu dute orain arte, aurreko jardunaldian La Unica liderraren zelaian jokatutakoa (36-12). Gainontzeko hiruretan bizkaitarrak jaun eta jabe izan dira: Bilboko Unibertsitatea eta Gernika B-ren kontra etxean garaipen argiak eskuratu dituzte getxoztarrek (23-5 eta 70-5) eta, izerdi gehiago botata izan bazen ere, Errioxara egindako bisitan ere 20-32 nagusitu ziren. Honenbestez, eta esan bezala, Isasiren mutilek domeka goizean aurrean izango duten aurkaria egungo hirugarren sailkatua da 14 punturekin, lidergotik bost puntura baino ez.

Testuinguru honetan, erronka gogora izango da Kanpanzar Arrasatek asteburu honetan izango duena; halere, eta aurreko jardunaldietan egin bezala, orain arteko jarrera onari eutsi eta lehiatzen jarraitzea izango da Isasiren mutilen helburu nagusia. Zorionez, behin zigorra beteta, partidu honetarako teknikari zuri-moreak bere aginduetara izango ditu berriro ere Salaberri eta Argoitia. Zalantza izpirik gabe, berri pozgarria Arrasateko taldearentzat.


Galtzak bete lan

Asteburu honetan ere Arrasate Errugbi Taldeko ordezkariek galtzak bete lan izango dituzte, seniorrez gain kategoria guztietako ekipoek hitzorduak edukiko baitituzte. Agenda zapatu goizean irekiko da, Mojategin Leintz Eskola Kiroleko LH3 eta LH4ko neska-mutikoek errugbi saioa burutuko baitute. Egun berean infantilak Eibarreko Unbe errugbi zelaira joango dira, bertan izango den denboraldiko bigarren topaketan parte hartzera. 11:30ean jubenilen txanda izango da, Mojategin Gernika bisitari izango dutenak. Eta zertxobait beranduago, 13:45ean, Ordiziarekin batera aritzen diren kadeteek Elorrio/Durangori egingo diote bisita.

Azkenik, domekan Errugbi Eskolaren txanda izango da. Ohikoa den moduan, klub zuri-moreko teknikari eta ordezkarien gidaritzapean, 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin goizeko 10:30ean hasita.

ISEI BARBERO

Últimas noticias

Kanpazar
Arrasateko kirol zerbitzua
Arrasate inversiones